Datorren azaroaren 8an Bilboko Arrupe Etxean (Aita Lojendio, 2 kalea) Emakumeok Martxan nazioarteko jardunaldia egingo da, Alboan, Entreculturas, Servicio Jesuita a Migrantes eta Ellacuria Fundazioak antolatuta. Jardunaldi honen helburua emakumeen migrazioaren errealitatea genero-ikuspegitik ikusaraztea eta lantzea da. Hainbat emakumeren ahotsetatik, esperientzietatik eta testigantzetatik abiatuta, migrazioaren, generoaren eta eskubide-urraketen arteko harremanean sakonduko dugu, hainbat dimentsiotatik.
Migrazio-testuinguru desberdinek berresten dute, genero-rol tradizionalen ondorioz, emakume askok ez dutela beren eskubideak berdintasun-baldintzetan eskuratzeko aukerarik. Errealitate horrek, zalantzarik gabe, emakumeen migrazio-prozesuak zailtzen eta gogortzen ditu, eta haien kalteberatasuna areagotzen du migrazio-prozesu osoan zehar eta desberdintasun-harremanak betikotzen. Horrela, bada, azken urteotan migrazioaren feminizazioaren joera gero eta handiagoa da, migratzaileak eta emakume izateagatik aurre egin behar dioten diskriminazio bikoitza dago, eta errealitate hori eta haren ondorioak ikusezin bihurtu dira, hala nola pertsonen salerosketa, lan- eta sexu-esplotazioa, indarkeriak, etab. Hori dela eta, emakume migratzaileen errealitatea modu integralean ikusaraztea eta salatzea eskatzen da, herritarrak eta klase politikoa kontzientziatzeko, inplikatzeko eta mobilizatzeko emakumeen eskubideen defentsan, jatorritik, igarotzean eta helmugara iristean.
Ekimen honen bidez, gainera, elkarrizketarako eta eraikuntza kolektiborako espazio bat bultzatu nahi da, askotariko emakumeen ahotsetik eta protagonismotik abiatuta, eta emakume migratzaileen eta migratuen eskubideen defentsan eragin nahi da, lege- eta politika-tresnak erabiliz.
Mary Tere Guzmánen aurkezpenaren ondoren, 3 elkarrizketa-mahai dinamizatuko dira. Lehenengoan, “Emakumeen errealitatea migrazio-fluxu desberdinetan: Hegoaldeko muga, Erdialdeko Amerika eta ED Kongo” aztertuko da, eta honako hauek hartuko dute parte: Itziar Ruiz Giménez, Afrikako eta Nazioarteko Azterlanen Taldeko (GEA-GERI) koordinatzailea eta UAMeko RRIIko irakaslea; Cristina Manzanedo, migrazioetan aditua den abokatua eta ÖDOS programako koordinatzaile-taldeko kidea; Caddy Adzuba, AFEMeko eta FPMko zuzendaria, abokatua, kazetaria eta emakumeen, haurren eta prentsa-askatasunaren eskubideen aldeko ekintzailea Kongoko EDn; eta Mariana Zaragoza, Deustuko Unibertsitateko doktoratu aurreko ikertzailea, behartutako migrazioetan aditua ikuspegi feminista eta antiarrazista batetik, eta Red Jesuita con Migrantes taldeko kidea.
Bigarren mahaian, “Etorkizuna berdintasunetik eraikitzea: emakume migratzaile eta migratuen eskubideak babesteko eskaerak” izenekoan, Marie Lucía Monsheneke, FAMEK Elkarteko sortzaileetako bat, berdintasunatren aktibista eta agentea, RD Congo; Nilofar Bayat, abokatua, saskibaloiko jokalaria eta ekintzailea, Afganistan; Matilda Noriega, giza eskubideen eta lurraldearen defendatzailea, gizarte-komunikatzailea, artista, idazlea eta diseinatzailea, Guatemala.
Azkenik, “Komunikazioaren boterea narratiba alternatiboen eraikuntzan” izeneko mahaian, África Baeta kazetari eta EiTBko aurkezleak, Teresa Villaverde kazetari eta Pikara Magazineko koordinatzaileak eta El Saltoko editore taldeko kideak, Olfa Sendesni aktore tunisiarrak, Pabellón 6ko Gazte Konpainiako eta Euri Artean Antzerki Konpainiako kideak hartuko dute parte.
Jardunaldian parte hartzeko eman izan hemen >
*Egun osora joaterik ez baduzu, zure ordutegira ondoen egokitzen diren mahaietan eman dezakezu izena.