Otsailaren 26tik martxoaren 4ra bitarteko astean, euskal emakume komunikatzaile talde batekin batera, Kongoko Errepublika Demokratikora joateko zori ona izan genuen Alboan eta Entreculturaseko kideek. Bidaia horren helburua zen erakustea Emakumeok Martxan kanpainaren baitan eta AFEMekin (Hego Kivuko Emakume Kazetarien Elkartea) elkarlanean egiten dugun lana.

5 milioi lekualdatu baino gehiago daude Kongoko Errepublika Demokratikoan, eta nazioarte mailan dagoen krisi humanitario korapilatsuenetakoa eta luzeenetakoa pairatzen ari da. Gainera, munduan emakume izateko leku zailenetako bat da, sexu-indarkeria orokortu eta sistematikoa herritarrak ezegonkortzeko gerrako arma nagusienetakoa bilakatu baita.

Bidaia hau Alboanek, Entreculturasek, SJM Españak eta Ignacio Ellacuria Fundazio Sozialak sustatu dute, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso du. Helburu nagusia zen bi herrialdeetako emakume kazetarien arteko topaketa bat sustatzea, bizipenak eta ezagutza parteka zitzaten komunikazioak emakumeak etxetik alde egitera behartzen dituen derrigortutako migrazioaren arrazoiak ezagutu, salatu eta azpimarratzeko tresna gisa duen egitekoari buruz.

1. eguna: Kongoko Errepublika Demokratikora iritsi eta Bukavurako bidaia

Gomara iritsita, Bukavurantz (Hego Kivu) abiatu ginen emakume kazetari eta komunikatzaileekin batera. Gatazkak gehien kolpatutako inguruetako bat da eta helburua zen herrialdearen berri izatea zuzen-zuzenean, batez ere, etxetik alde egitera behartutako emakumeena, bai herrialdean bertan lekualdatu behar izan dutenena bai eta migratzera behartutakoena ere.

 

 

2. eguna: AFEM eta Kongoko emakume kazetariak ezagutzea
Bukavura iritsita, lurraldean gure elkarte bazkidea den AFEMekin aurreneko hartu-emana izan zuten emakume komunikatzaileek, topaketa ez-formal batean. AFEMeko lehendakari Cady Adzuba ezagutu zuten. Euren egiteko nagusiaz hitz egin zien: herrialdean emakume eta neskatilen eskubideak sustatzea eta genero berdintasuna, bakearen eraikuntza eta komunikabideetan emakumearen irudia indartuko dela ziurtatzea. Bai eta komunitatearentzat garrantzitsuak diren gaiei buruzko heziketa zabaltzea ere, gobernantza, edo sexu-eta ugalketa-osasuna, besteak beste.

Topaketa horretan, emakumezko kazetariek herrialdean bizi duten egoera zailari buruz hitz egin zuten Kongoko komunikatzaileek: jasaten duten prekarietatea eta diskriminazioa eta orain arte gizonezkoei bideratuta egon diren gaien inguruan hizketan hasi diren emakumeei buruz zer nolako irudipen soziala dagoen.

3. eguna: Mama Radio, Hego Kivuko emakumeen ahotsa
Bidaiaren 3. egunean Julienne Baseke zuzendariak gidatzen duen Mama Radio ikusteko aukera izan genuen, genero ikuspegia lantzen duen irrati komunitarioa. “AFEM eta Mama Radio herrialdean segurtasuna oso eskasa (sarraskiak, gerra…) zenean sortu ziren. Ohartu ginen biktima nagusiak emakumeak eta neskatilak zirela, baina ez zuten ahotsik. Horrexegatik sortu genuen irratia, norbaitek haien ahotsa entzun ahal izateko esparru propioa izan zezaten”.

Bitartean, taldeko emakume komunikatzaile batzuk Bukavuko Panzi ospitalea ikusteko aukera izan zuten. Sexu-indarkeriatik bizirik atera diren emakumeen tratamenduan espezializatutako ospitalea da, 2018an Bakearen Nobel Saria jaso zuen Denis Mukwege medikuak sortua. Bertan, emakumeek herrialdean jasaten duten indarkeriari buruz gehiago jakin ahal izan zuten.

 

4. eguna: Sexu-indarkeriaren eragina, lekualdatzeak eta gatazkak Kalehen
Ihusin izan ginen, Kaleheko lurraldean. AFEMek herri horretako komunitatearekin lan egiten du genero berdintasunaz sentsibilizatzeko. Emakumeen arteko topaketa honetan, komunikatzaileek landaguneko emakumeek bizi duten errealitatea ezagutu ahal izan zuten: sexu-indarkeria, behartutako lekualdatzea, oinarrizko zerbitzuak eskuratu ezina, ugalketa-osasuna eta gatazka armatua.

Saberine M’Katwanyi eragile pisokosozial aritzen da Kaleheko komunitatean eta inguru horretan emakumeen eskubideen aldeko borroka gidatzen duen aktibistetako bat da. Hitzaldiaren bukaeran, eskaera zuzena egin zuen Saberinek: “familiako gatazka edo sexu-indarkeria kasuren bat badago, neure etxean hartzen ditut. Beste emakume batzuk babesten ditugun emakumeok ere babes gaitzaten eskatzen dut”.

5. eguna: emakumeen egoera Luhwinjako meatzeetan
“Egunero etortzen naiz meatzeetara gizonek ateratzen dituzten harriak erostera. Xehatu egiten ditut hauts bilakatzen diren arte, urrea aurkituko ote dudan, baina zoriaren esku dago guztiz. Batzuetan zerbait aurkitzen dut eta beste batzuetan ezer ere ez, dirua galdu eta etxera itzultzen naiz ezer gabe. Neure etxera itzultzeko aukera izan nahiko nuke, badakit familiak beso-zabalik hartuko nindukeela eta nekazaritzan lan egin ahal izango nukeela, baina oraino arte ezin izan dut itzuli ahal izateko dirua bildu”. Yoelek kontatu du hau, 22 urteko alarguna da eta 4 seme-alaben ama. Hego Kivuko urre-meatzean ezagutu genuen.

Meatze horretan familia mantentzeko harria xehatzen lan egiten duten emakume gehienak behartuta lekualdatutakoak dira. Lan-baldintza gogorrei ez ezik, indarkeria fisikoa zein sexu-indarkeria jasateko arriskuari ere egin behar diote aurre. AFEMek sentsibilizazio- eta eragin-lan handia egiten du inguruan, lan-baldintzak eta eskubideak hobetzeko.

6. eguna: emakumeen automatizazioa Pelagie Muhigirwa Fundazioaren eskutik

Nyangezira joan ginen eta hainbat emakume-elkarte bisitatu genituen, Pelagie Muhigirwa Fundazioak (FPM) lagunduta. Caddy Adzubak sortu zuen erakunde hori ere eta Hego Kivun ere ari gara eurekin lanean. Erakunde horren helburua da emakumeen automatizazioa eta erresilientzia indartzea, prestakuntzaren, baliabide finantzarioen eta ekintzailetzaren bidez.

Hondarra eta adreiluak egiten lan egiten duten emakume-elkarteetako emakume liderrak ezagutu genituen, eta kontatu zigutenez, hainbat prestakuntzak eta emakume-elkarteetan biltzeak euren bizi-baldintzak eta komunitatearenak aldatzeko bidea eman diete.

Ondoren, Emakumeak Martxan proiektuaren parte den emakumeen alfabetatze funtzionaleko prestakuntzaren graduazio-ekitaldira joan ginen. 6 hilabeteko prestakuntzaren ondoren, hainbat adinetako 180 emakume graduatu ziren eta kontatu ziguten irakurtzen eta idazten ikasteak zer nolako eragina izan duen euren automatizazioan , autoestimuan eta familian eta gizartean duten egitekoan.

“Orain zenbatzen badakidanez, joskintzan lan egin ahal izango nuke, adibidez. Trajeak josi ahal izango ditut ehunaren zentimetroak zenbatu ahal izango baititut. Eta jendea erostera datorrenean, hala galdetuko dute: Nork lagundu dizu? Eta nik harro esan ahalko dut neuk bakarrik egin dudala”.

7. eguna: Kongoko Justine Masika aktibistarekin topaketa

Azkenengo egunean, Justine Masikarekin elkartu ginen, Alboanek eta Entreculturasek ikaragarri estimatzen duten beste aktibista bat. Nazioartean ezaguna da Justine Kongoko Errepublika Demokratikoan sexu-indarkeriatik bizirik atera diren emakumeen eskubideen eta munduko mineralen trazabilitatearen aldeko aktibismoarengatik.

Berak eta bere taldeak Alboanekin elkarlanean egiten duten lanaz eta mendebaldeko herrialdeek mineralak erauzteko sistemarekin dugun erantzukizunaz hitz egin ziguten, herritarren artean eta bereziki Kongoko Errepublika Demokratikoan izugarrizko kaltea eragiten baitu.

8. eguna: bidaiaren amaiera eta itzultzea

Emakume komunikatzaileek Kongoko Errepublika Demokratikoko emakumeen migrazioaren errealitatea gertutik ezagutu ahal izan zuten emozioz eta ikaskuntzaz betetako egun trinkoetan eta ondoren Espainiara itzultzeko unea iritsi zen. Testuingurua zaila eta gogorra izan arren, Kongoko emakume eta emakume kazetariekin bizipenak partekatzearen eta trukatzearen indarra azpimarratu dute emakume komunikatzaileek, gatazka horretan gutxi ikusten den alderdi bat erakutsi baitigute: beren eta beren “ahizpen” eskubideen alde barrutik lan egiteko bizitza arriskuan jartzen duten emakume aktibisten errealitatea”.

Ahizpatasuna, entzun baina urrutikoa egiten zitzaidan hitza da, eta gaur ohartu naiz, bidaia horren ondorioz, zenbat aldatu den niretzat emakumeen arteko batasunaren kontzeptu hori. Enpatia eta entzuketa terminoekin ere geratuko naiz, niretzat horiek izan baitira ikaskuntza handiena. Opari bat da konturatzea beste errealitate batzuetara hurbil zaitezkeela benetako entzuketa aktiboaren bidez”. África Baeta, ETBko albistegietako aurkezlea.

“Bidaian gehien gustatu zaidana izan da ikustea beste emakume batzuk nola antolatzen diren gurearekiko desberdina den testuinguru batean; izan ere, egia da gatazka bat dagoela, baina gatazka horretaz harago, kontu asko partekatzen ditugu, patriarkatua unibertsala baita; alegia, testuinguru prekarioenetan ere (besteak beste, meatzeetako lana) nola antolatu diren ikustea, desberdintasunak egon arren, geure artean bat egiten dugula eta elkar ulertzen dugula ikustea, horixe izan da gehien gustatu zaidana”. Teresa Villaverde, Pikara Magazineko kazetaria.

9. eguna: Emakumeak Martxan proiektuaren aurkezpen ofiziala

Bidaia bukatzeko, Alboanek, Entreculturasek, Ignacio Ellacuría Fundazio Sozialak eta SJMk “Emakumeok Martxan, emakumeen errealitatea migrazio prozesuetan” txostena aurkeztu zuten prentsaurrekoan eta, bertan, prentsa-bidaia honetan izan diren hainbat emakume komunikatzailek hartu zuten parte: Linking Ideaseko Pili Kaltzada, EITBko África Baeta, Alboaneko eta Entreculturaseko lankide ditugun Sara Diego eta Lucía Rodriguez, Ellacuría Fundazioko Jenny Paula Tenori, eta Caddy Adzuba, Kongoko Errepublika Demokratikoan AFEMen emakumeen eskubideen alde lan egiten duen abokatu eta aktibista. Adzubak emakume asko etxetik alde egitera behartzen dituen gatazkaren sustraien berri eman zigun.
Egun horretan bertan abiarazi genuen migrazio politikek genero ikuspegia jaso dezaten sinadurak biltzeko kanpaina.