Azken 20 urteetan, Erdialdeko Amerikako migrazio-dinamikek emakumeak izan dituzte protagonista. Migrazio horien zergatien artean, egiturazko eta egoerazko faktoreak identifika daitezke, hala nola pobrezia, matxismoa eta autonomia ekonomikorik eza, ezegonkortasun politikoak, gatazka armatuak, ingurumen-fenomenoen inpaktu suntsigarriak, estatuko agenteek eragindako indarkeria, krimen antolatua eta genero-indarkeria.
Horren guztiaren ondorioz migratu egin behar izan dute milaka emakumek, zeren zaurgarritasun-egoera handiagoan baitaude hezkuntzaren, lanaren, osasunaren eta zuzenbidearen arloan, eta ez dugu ahaztu behar, ezta ere, askotan bizi dituzten indarkeria-forma anizkunen inpaktua. Migrazio-prozesu horietara hurbiltzean, arreta berezia jarri behar diegu migratzaile eta asilo-eskatzaileen familien zaintzaileei. Jatorrizko herrialdeetan geratzen dira eta, haien laguntzari esker, aukerak eta hasiera berri bat bila dezakete haien familiek. Migrazioen feminizazioa, rol bikoitz hori kontuan harturik, agerian geratzen da Migratzaileekiko Sare Jesuitaren (RJM) zuzeneko laguntzaren estatistiketan. Erakunde-sare hori lanean ari da Erdialdeko Amerikan, munduko migrazio-bide arriskutsuenetako batean, mugak kontrolatzeko neurriek ekartzen dituzten giza eskubideen urraketei galga jartzeko. RJMk hiru dimentsiotan antolatzen du bere lana:
• Laguntza soziopastorala
• Politikoa eta antolamenduzkoa
• Teorikoa eta ikerketazkoa
Azken dimentsio horretatik, migrazioaren errealitatearen ikerketa eta analisia sustatzen da, eskualdean eraldaketa sozial eta politikorako proposamenak egiteko elementuak aurkitze aldera.
Alboan duela 15 urte baino gehiago hasi zen Migratzaileekiko Sare Jesuitari bere egunerokoan laguntzen, bizitza duin baten bila eskualdea igarotzen duten emakumeen ondoan. Erdialdeko eta Ipar Amerikako RJMk herrialde hauetan dihardu: Belize, Guatemala, El Salvador, Honduras, Nikaragua, Costa Rica, Panama, Mexiko, Estatu Batuak eta Kanada.
Bide seguruak eraikitzeko sareak
Bide seguruak ehuntzen proposamenaren helburua da behartutako migratzaileen eta nazioarteko babes berezia behar duten pertsonen funtsezko eskubideak bermatzea eta haien segurtasun fisiko eta emozionalerako baldintza onenak sortzea. Bide arriskutsu bati ekiten diote, are gehiago bakarrik bidaiatzen duten emakumeen kasuan. Horregatik da hain egokia eta beharrezkoa RJMk sustatutako proposamen hau. Sareak eskarmentu zabala du nahitaez migratu behar izan duen jendearekin lanean. Abiaburu gisa, etengabeko dihardu protagonisten premiak identifikatzeko eta haien gaitasunak indartzeko; hala, hortik abiatuta, arreta emateko estrategia gero eta egokiagoak planteatzen ditu. Lanean egindako hamarkadetan, argi geratu da arreta humanitarioa entzute aktiboan oinarritu behar dela migratzaileen duintasunean aurrera egiteko: horrela, haiek hartzen dute protagonismoa bidea zein den identifikatzeko.
Sorlekutik ateratzen direnetik helmugara iritsi arte emakumeei lagundu ahal izatea, informazioa ematea bideko arriskuei buruz, babeslekuei buruz, helmugako herrialdean aurkituko duten egoerari buruz: hori da lanaren xede nagusia.
Bizi duten dramaren erdian, adorea ematen du boterean dauden emakumeak, emakume ahaldunduak, emakume aliatuak, erabakitzeko gaitasuna duten emakumeak, emakume gogorrak topatzea, beren bizitzak berreraikitzeko aktiboki parte hartzen dutenak, eta egunero etorkizun duina eta indarkeriarik gabea izateko borrokatzen direnak.
Txaro Hernández