Kongoko Errepublika Demokratikoko (KED) egoera hauskorra da; izan ere, lurralde horretan hainbat segurtasun-gabezia daude (janariarena, erakundeena eta osasun-arlokoa), duela hamarkada batzuk gerrako jaunen, talde armatuen eta armadaren artean hasi zen gatazkaren ondoriozko indarkeria orokortuan.Gauzak horrela, emakumeen bizimodua oso zaila da.
Julienne Baseke da AFEMko koordinatzailea eta Mama Radioko zuzendaria; erakundeok Emakumeok Martxan proiektuan kokatzen dira eta beren lekukotza eman digute.
Zure eskualdea Bukavu da eta Hego Kivun dago, zer esanahi du eskualde horretako emakumeentzat gatazka luzean bizitzeak?
Emakumeen egoera kritikoa da.Berdintasunari buruzko lege-testuak egon arren, izan ere KEDk estatuko eta nazioarteko testu asko berretsi ditu (Nazio Batzuen 1325 Ebazpena, esaterako, berdintasunari eta paritateari buruzkoa eta diskriminazioaren aurkakoa), arau horietako bat ere ez da praktikatzen, ez baitago horretarako egiazko borondate politikorik.Adibidez, konstituzioaren arabera, erakunde publikoetan emakumeen ordezkaritza % 50ekoa izan behar da gutxienez, baina estatu-mailan % 27koa da, eta beste erakunde politiko batzuetan (Senatuan eta Batzar Nazionalean, esaterako) % 10-12 ingurukoa; beraz, gizonezkoek erabakitzen duten KEDko emakumeek zer behar duten, eta haien eskubideak nola zaindu ere bai.
Gainera, KEDko lurpean mineral ugari dago.Egiazko eskandalu geologikoa da, aberastasun hori daukagu batetik, eta bestetik, inguruko biztanleriaren pobrezia azaldu ezina.Baliabide horien gobernantza ez da ona eta lortzen diren onurek ez dute ondoriorik komunitateetan.Meategietako araudietan erantzukizun sozialeko baldintza batzuk ageri dira, baina erauzketa-enpresek ez dituzte betetzen eta ez dute inolako ondoriorik izaten.Mineralak erauzteko erabiltzen diren produktu kimikoek kutsatu dute lurra eta ura ezin da edan, eta horrek guztiak eragina du emakumeen bizitzan eta haien familiengan.
Zer zailtasun gainditu behar ditu emakume batek erantzukizuneko eta buruzagitzako postu batera iristeko?
Sistema ekonomiko eta produktibo patriarkalean bizi gara eta oso zaila da emakumeok buruzagitzaren batera iristea.Baliabideak gizonezkoen esku daude eta emakumeek ez dute independentzia ekonomikorik.Maila sozialean eta kulturalean egiteko asko dago oraindik ere.Ezkondutakoan, oraindik ere praktika kaltegarriak daude indarrean, emakumea kaltetzen dutenak, eta emakumeen aurkako indarkeria (hiltzerainokoa batzuetan) justifikatzen dutenak.Gizonak erabakitzen du emakumeak lan egin dezakeen ala ez, eta gero soldata eskuratzen du.
Pandemiak okertu egin ditu egoera horiek guztiak eta emakumeen aurkako indarkeria larriagotu egin da.Azken finean, pandemiarekin emakumeen mugimenduak moztu egin dira eta oro har atzerakada egon dela esan dezakegu eta, bereziki, emakumeen kasuan.
Eta lekualdatutako emakumeak?
KEDko gatazkak iraun egiten du eta sexu-indarkeria erabiltzen da gerra-arma bezala arerioa umiliatzeko.Emakumea da lehenengo biktima, baina ez da kontuan izaten.Emakumeak herritik joaten direnean indarkeriaren ihesi, seme-alabekin lekualdatzen dira, sabairik eta bizirauteko bitartekorik gabe egoten dira.Beraz, lekualdaketako ibilbidean bertan ere hainbat indarkeria motari aurre egin beharra izaten dute.Seme-alabekin bidaiatzen dute eta ez dute laguntzarik izaten.
Zein da AFEMren eta Mama Radioren zeregina?
AFEMn garrantzi handia ematen diegu erresilientzia- eta berreskuratze-prozesuei.Bizi garen testuinguruan emakumeek ez dute hitz egiteko eta partekatzeko gunerik eta AFEMn horiek ematen saiatzen gara.Guk “landako kazetaritza” egiten dugu, gatazkaren erdian mikrofono bat dugu emakumeentzat, adierazteko aukera izan dezaten, eta taldetik emakume horien arazoak salatzen eta jakinarazten ditugu Mama Radio bidez.Irrati tematikoa da, emakumeei tokia ematen diena patriarkatutik kanpo, KEDko komunikabideak oso maskulinizatuta baitaude eta ez baitute emakumeen gatazkako egoeraren eta iritziaren berri ematen.
Emakumeek babesa behar dutenez, AFEMtik informazio- eta babes-kanpainak egiten dira.Mama Radioko programen bidez eztabaida-taldeak sortzen dira bat-batean eta AFEMko prestakuntza-programatik igarotako emakumeak beren zonako erreferentzia-puntu bihurtzen direnez, azpitalde berriak sortzen dituzte eta horietan aukeratzen dituzte irratian eta AFEMn landuko diren gaiak.Emakumeek beraiek sortzen dituzte intereseko gaiak eta edukiak.
Aipatu beharra dugu beste lan-ildo bat ere: maskulinitate positiboez sentsibilizatzeko egiten dena, hain zabaldutako praktika kaltegarriak alde batera uzteko estrategia gisa.Komunitateetako buruzagiekin eta gazteekin lantzen dugu, lehenengo agintari moralak baitira komunitateetan eta gainerakoek kontuan izaten dute horien iritzia.