Femme au Fone AFEMek martxan jarri duen alerta komunitarioko sistema da. Alboanek AFEMekin dihardu elkarlanean Emakumeok Martxan kanpainaren barruan. Inspirazio-iturri gisa eta ikasteko balio duen eredu bat. Beren inguruneetako zailtasunei modu burutsuan, jasangarrian eta parte-hartzailean erantzuten dieten emakumeak protagonista dituen ekimen honen bidez.
Bukavun (Kivu lakuaren hegoaldea, Kongoko Errepublika Demokratikoa) daude AFEMeko gure lagun eta aliatuak. Alboanen Emakumeok Martxan kanpainan parte hartzen duten 10 programetako bat da. AFEM erakunde feminista bat da, eta hedabideen bidez Kongoko emakumeen eskubideak errespetatu eta ahaldundu daitezen bermatzea du helburu. Horretarako, sentsibilizazio komunitarioko ekintzak gauzatzen dituzte, emakumeentzako lidergo-ikastaroak antolatzen, emakume liderrei laguntzen, eta Mama Radio ekoizten.
Mama Radio irrati komunitarioren bidez, ahotsa altxatzen dute, eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean emakumeek etengabe indarkeria jasaten dutela salatzen. 20 urte baino gehiago daramatzate gerran; horrek zauri soziala sakontzen du, eta eragin berezia du emakume eta neskengan.
AFEMek hogei urte baino gehiago daramatza jendea kezka handiena sortzen duten gaien inguruan sentsibilizatzen; esaterako, genero- edo sexu-indarkeriaren intzidentzia handia. Egunero, komunitateak emanaldietan parte har dezake, zalantzak galdetzeko edo injustizia-egoerak salatzeko. Mama Radio irratiko erredakzioak hilero prestatzen ditu edukiak, zuzeneko emanaldien bidez, eta eskualdeko erreferentziako irratia bihurtu da, baita ezagunena ere, nazio osoan entzuten delako; horrez gain, emakumeek emakumeentzat egindako irrati bakanetako bat da herrialdean. Horren guztiaren ondorioz, Kongoko Errepublika Demokratikoko itxaropena da, argi bat iluntasunean.
Emakumea telefonoan: entzuten duen ahotsa
AFEMeko taldeak Femme au Fone izeneko alerta komunitarioko sistema bat diseinatu du; alegia, frantsesez, “Emakumea telefonoan”. Sistema horri esker, eskualde osoko emakumeek SMS mezuak bidal ditzakete, doan eta arrastorik utzi gabe, arriskutsuak izan daitezkeen egoerak salatzeko edo agerian jartzeko, edo halakoez ohartarazteko.
Han izan ginenean, 2020ko otsailean, SMS mezuak hainbat komunitatetatik jasotzen zituztela ikusi ahal izan genuen. Komunitate horietan, familia-gatazka bortitza ari zen gertatzen, eta zenbait emakume etxetik bota zituzten.
Testu-mezuan, bi emakume gaztek (ahizpak) AFEMeko taldeari jakinarazi zioten, ama zendu ostean, herentzia jasotzeko hura hil zutela leporatzen ziela komunitateak, eta horrek arrisku larrian kokatzen zituen. Une horretatik aurrera, esku hartzeko taldeak komunitatera joan ziren, emakumeen alde bitarteko gisa aritzeko eta haiei laguntzeko.
Egoera salatzen duten emakumeen anonimotasuna erabat gordez gauzatzen da prozesu osoa, haien segurtasuna bermatze aldera. AFEMeko taldeak halako kasuen berri ematen du irrati-programetan: egoera azaltzen du, komunitatearekin hitz egin ondoren gauzak nola konpondu diren, eta, azken batean, protagonisten oinarrizko eskubideak defendatzen ditu.
Caddy Adzuba gure lagun handia Femme au Fone-ren sustatzaileetako bat da. Caddy Elkartasunaren Asturiasko Printzea Saria jaso zuen 2014an; abokatua eta kazetaria da, honoris causa doktorea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan; eta emakumeen eskubideen aldeko aktibista
Femme au Fone, azken batean, ekimen inspiragarri bat da, eta, hemen, eskerrak eman nahi dizkiegu, egiten duten lan eta ahaleginagatik.